Latxari buruz jakin beharrekoa
1. Hasi aurretik jakin beharrekoa
1.1 Zer egin dezake Latxak eta zer ez
Latxa adimen artifizialean oinarritutako tresna da, eta hizkuntza naturalean egindako galderak ulertu eta erantzuteko diseinatuta dago. Oso lagungarria izan daiteke eguneroko zeregin askotan, baina garrantzitsua da ondo ulertzea zer egin dezakeen eta zer ez.
Zertan lagun dezake?
- Galderak erantzun: gai askori buruzko azalpenak eman ditzake, maila oinarrizkoan zein aurreratuan.
- Testuak sortu: mezu elektronikoak, txostenak, istorioak edo laburpenak idazten laguntzen du.
- Kontzeptuak azaldu: gai konplexuak modu errazean ulertzeko baliagarria da.
- Ideiak proposatu: ideia-jasatarako edo sormen-prozesuetarako lagungarria izan daiteke.
- Laguntza teknikoa eman: programazioari edo tresna digitalei buruzko argibideak ematen ditu.
- PDFak prozesatu: PDF dokumentuetako testua automatikoki xurgatu eta galderak erantzuteko erabili dezake.
💬 Gaitasun horiek guztiak modu eleaniztunean balia ditzakezu. Latxa euskaraz aritzeko optimizatuta dagoen arren, beste hizkuntza asko ere menderatzen ditu (gaztelania, ingelesa edo frantsesa, adibidez). Horri esker, itzulpenak egin ditzakezu edo hizkuntza desberdinetako testuekin lan egin dezakezu modu errazean.
Zein muga ditu?
- Ez du beti erantzun zuzena ematen: Batzuetan informazio okerra, asmatua edo osatu gabea eman dezake ("haluzinazioak" deritzonak).
- Ez dauka gaur egungo informaziorik: Latxak ez dauka Interneterako sarbiderik unean uneko bilaketak egiteko. Bere ezagutza-muga 2025eko irailean dago; beraz, ez du data horren ondorengo gertaeren berri.
- Mugak ditu euskalkiekin: Batez ere euskara batuan aritzeko diseinatuta dago. Euskalkiak gehienbat ulertzen dituen arren, akatsak egin ditzake haietan idazten saiatzean. Emaitza fidagarrienak lortzeko, euskara batua erabiltzea gomendatzen da.
- Ez da aditu baten ordezkoa: gai sentikorretan (osasuna, legea, finantzak), jo beti profesional batengana.
1.2 Zertarako erabili Latxa?
Latxa chatbot bat da, eta gainerako adimen artifizialen antzeko funtzionamendua eta gaitasunak ditu. Eguneroko zeregin ugaritan laguntzeko tresna oso moldakorra denez, hona hemen eman diezazkiokegun erabilera praktikoenetako adibide batzuk:
✍️ Idazketa
Latxak testuak sortzen eta hobetzen lagun dezake:
- Mezu elektronikoak, gutunak edo mezu profesionalak idazten.
- Saiakerak, artikuluak edo txostenak prestatzen.
- Testuak itzultzen, laburtzen edo berridazten.
- Tonua egokitzen (formalagoa, informalagoa, ulergarriagoa...).
📚 Ikaskuntza
Ikasketa-prozesuan bidelagun gisa:
- Kontzeptu konplexuak era ulerterrazean azaltzen ditu.
- Adibideak eta argibide gehigarriak ematen ditu.
- Azterketak prestatzeko edo autoebaluazioa egiteko galderak sor ditzake.
- Edozein gai urratsez urrats ulertzen laguntzen du.
💡 Ideiak sortzea
Sormen-prozesuak bultzatzeko ere balio du:
- Ideia berriak proposatzen ditu.
- Eduki baten egitura edo eskema prestatzen laguntzen du.
- Proiektu berrietarako abiapuntuak eskaintzen ditu.
💻 Programazioa eta laguntza teknikoa
Arlo teknikoetan ere ondo moldatzen da:
- Kodea idazten edo ulertzen laguntzen du.
- Akatsak (bug-ak) identifikatzen eta konpontzen lagun dezake.
- Tresna edo teknologia zehatzei buruzko argibideak ematen ditu.
1.3 Pribatutasuna eta erabilera arduratsua
Latxa arduraz erabiltzea funtsezkoa da. Gogoratu chatbotekin (Latxa barne) aritzean, ematen duzun informazioa eta jasotzen duzun erantzuna kontuz kudeatu behar dituzula. Zure datuak babesteak lehentasuna izan behar du:
- Ez partekatu datu pertsonal sentikorrik (NANa, helbidea, telefonoa, pasahitzak...).
- Kontuz ibili informazio konfidentzialarekin (adibidez, laneko dokumentuekin).
- Zalantzarik baduzu, hobe da informazio gutxiago ematea.
Gainera, Latxa ezin da helburu kaltegarri edo ez-etikoetarako erabili, eta besteen pribatutasuna errespetatu behar da. Gai sentikorretan (osasuna, legeak edo finantzak), Latxa laguntza osagarri gisa soilik erabili behar da, eta inoiz ez erabakiak hartzeko iturri bakar gisa.
Azkenik, Latxak informazioa azkar eta modu erosoan ematen badu ere, ez da beti guztiz fidagarria. Ez hartu emandakoa egia absolututzat. Gomendagarria da informazio garrantzitsua beste iturri batzuetan egiaztatzea, batez ere erabaki garrantzitsuak hartu aurretik.
2. Praktika onak
Latxaren erantzunak zure eskaeraren araberakoak izango dira. Ematen dituzun azalpenek eta galderen zehaztasunak eragin zuzena dute jasoko duzun erantzunean. Hona hemen etekina ateratzeko gakoak:
2.1 Prompt edo eskaera argiak eta eraginkorrak idaztea
Latxari etekina ateratzeko gakoa eskaerak (edo promptak) argi eta zehatz idaztea da. Zenbat eta hobeto azaldu zer nahi duzun, orduan eta erantzun baliagarriagoa jasoko duzu. Eskaera bat egitean, pentsatu norbaiti lan bat agintzen ari zarela: informazio nahikoa eman behar diozu, baina modu antolatuan.
Lehenik eta behin, garrantzitsua da zehatza izatea. Eskaera orokorrek erantzun hutsalak dakartzate; eskaera zehatzek, berriz, emaitza probetxugarriak:
| ❌ | "Azaldu klima aldaketaren arrazoiak." |
| ✅ | "Azaldu ozeanoen berotzearen eta azidotzearen arrazoi nagusiak, gizakiaren jarduerari lotuta." |
Bigarrenik, testuingurua ematea komeni da. Latxak ez daki zertarako behar duzun informazioa; zuk azaldu behar diozu. Askotan, lagungarria izaten da Latxari rol zehatz bat jokatzeko eskatzea (adibidez, aditu baten gisa aritzea):
| ❌ | "Azaldu klima aldaketaren arrazoiak." |
| ✅ | "Ingurumen-zientzietan aditua bazina bezala, azaldu ozeanoen berotzearen eta azidotzearen arrazoi nagusiak XX. mendetik aurrera. Azalpena Filosofiako lehen mailako ikasle batentzat da." |
Era berean, lagungarria da murriztapenak edo baldintzak zehaztea. Emaitza hobe gidatzeko, esan iezaiozu nola nahi duzun informazioa (luzera, formatua, hizkera...):
| ❌ | "Azaldu klima aldaketaren arrazoiak." |
| ✅ | "Azaldu ozeanoen berotzearen arrazoiak ingurumen-aditu baten gisa. Erabili zerrenda formatua: puntu bakoitzean etiketa labur bat (2-3 hitz) eta azalpen bat jarri." |
Azkenik, saiatu eskaerak banan-banan egiten eta ondo egituratzen. Eskaera nahasi edo luzeegiek erantzun okerrak eragin ditzakete.
💡 Laburbilduz, eskaera on batek hiru ezaugarri ditu: argia da, zehatza da eta testuingurua ematen du. Oinarri horiekin, Latxak askoz hobeto lagunduko dizu.
2.2 Eskaerak egituratzea emaitza hobeak lortzeko
Eskaera on batean, garrantzitsua da zer esaten duzun, baita nola antolatzen duzun ere. Eskaera ondo egituratuta badago, Latxak errazago ulertuko du bere zeregina eta emaitza zehatzagoak emango ditu.
Bereizi argibideak eta edukia
Eskaera konplexuetan, komeni da agindua eta sarrerako informazioa (testua, datuak...) ondo bereiztea. Hau oso erabilgarria da itzulpenak, laburpenak edo zuzenketak eskatzen dituzunean. Erabili markatzaileak (adibidez, marratxoak edo komatxoak) testua isolatzeko:
| ❌ | "Kaixo, Latxa. Biharko bilera bertan behera. Sentitzen dut! Berridatzi mezu hori tonu formalagoan." |
| ✅ | "Kaixo, Latxa. Berridatzi hurrengo mezua tonu formalagoan. --- Biharko bilera bertan behera. Sentitzen dut! ---" |
Eman adibideak
Batzuetan, hitzekin bakarrik azaltzea zaila izan daiteke zer lortu nahi duzun. Horrelakoetan, adibide bat edo batzuk ematea da biderik errazena Latxak zure nahia uler dezan.
| "Sortu niretzat hiru ideia berri proiekturako, formatu honetan: - 1. ideia: [Izena] + [Azalpen laburra] - 2. ideia: [Izena] + [Azalpen laburra]" |
| "Idatzi erantzun bat bezero honi, honako eredu hau erabiliz: 'Kaixo, jaso dugu zure mezua eta lanean ari gara...'." |
Banatu zereginak urratsetan
Eskaera konplexua denean, hobe da zeregina urratsetan banatzea, dena batera eskatu beharrean. Horrela, Latxak sekuentzia argiago bati jarraituko dio eta emaitza antolatuagoa izango da.
| ❌ | "Zure iritzia nahi dut testu baten inguruan. Azaldu zer dioen eta egin laburpen bat." |
| ✅ | "Egin honako hau, ordenean: 1. Azaldu testuaren ideia nagusia. 2. Ondoren, egin hiru puntuko laburpena. 3. Azkenik, eman iritzi labur bat ondorio gisa." |
2.3 Erantzunak fintzea eta hobetzea
Latxarekin lanean ari zarenean, ez duzu zertan lehenengo erantzunarekin konformatu. Izan ere, emaitzarik onenak elkarrizketaren bidez lortzen dira askotan, eskaera pixkanaka moldatuz eta doituz.
Jarraitu elkarrizketa
Lehen erantzuna abiapuntu bat besterik ez da. Hortik aurrera, galdera edo eskaera berriak egin ditzakezu nahi duzun emaitzara hurbiltzeko:
- "Ondo dago, baina laburrago egin dezakezu?"
- "Gehitu adibideren bat hobeto ulertzeko."
- "Sakondu pixka bat gehiago puntu honetan."
Eskatu aldaketa zehatzak
Zenbat eta zehatzagoa izan zure jarraipen-eskaera, orduan eta errazagoa izango da Latxarentzat erantzuna egokitzea:
| ❌ | "Hau ez zait gustatzen." |
| ✅ | "Egin testua formalagoa eta laburtu azken paragrafoa, mesedez." |
Probatu hainbat bertsio
Batzuetan, aukera desberdinak eskatzea izaten da onena, ondoren gustukoena hautatzeko edo bertsioak konbinatzeko. Adibidez:
- "Eman bi bertsio: bat formala eta bestea informalagoa."
- "Proposatu hiru izenburu desberdin artikulu honetarako."
Eraiki urratsez urrats
Zeregin luzeak edo konplexuak atal txikitan lantzea estrategia bikaina da. Horrela, prozesua hobeto kontrolatuko duzu eta emaitza zehatzagoa izango da. Adibidez:
- "Diseinatu testuaren egitura edo aurkibidea."
- "Garatu lehenengo atala modu zehatzean."
- "Berrikusi testu osoa eta hobetu estiloa."
2.4 Ohiko akatsak eta horiek nola saihestu
Gida honetan ikasitakoa gogoan hartuta, hona hemen Latxa bezalako aplikazioak erabiltzean egin ohi diren akats nagusiak:
- Orokorregia izatea: Gogoratu eskaera zehatzek erantzun zehatzak dakartzatela.
- Testuingururik ez ematea: Latxak ez daki zertarako behar duzun informazioa; azaldu iezaiozu (rola, hartzailea, helburua...).
- Emaitzak itsu-itsuan sinestea: Ez hartu erantzunak egia absolututzat; egiaztatu datu garrantzitsuak.
- Lehen erantzunarekin konformatzea: Ez ahaztu elkarrizketak jarrai dezakeela emaitza fintzeko edo hobetzeko.
- Datu pertsonalak partekatzea: Inoiz ez eman informazio sentikorrik (pasahitzak, NANa edo datu konfidentzialak).
- Egitura nahasia erabiltzea: Aginduak eta edukia ondo bereizteak akats asko prebenitzen ditu.
