Erabilera-baldintzak, pribatutasuna eta cookieak
Azken eguneratzea: 2026ko urria
Eskerrik asko Latxa erabiltzeagatik. Orrialde honetan, zerbitzuaren erabilera-baldintzak, datu pertsonalen tratamendua eta cookieen eta antzeko teknologien erabilera azaltzen dira.
Latxa HiTZ Zentroak garatutako proiektua da.
Latxarekin edo datuen tratamenduarekin lotutako edozein zalantza argitzeko, erabiltzaileak gurekin harremanetan jar daitezke helbide honetan:
1. Erabilera-baldintzak
1.1. Latxari buruz
Latxa euskaraz lan egiteko bereziki garatutako adimen artifizialeko sistema da.
Zerbitzua eboluzionatzen ari da eta izaera esperimentala du. Gure helburua adimen artifizialeko teknologiak ikertzea eta garatzea da, euskara arlo honetan beste hizkuntza batzuen mailan kokatzeko.
Latxa, besteak beste, hizkuntza-eredu batekin hitz egiteko eta itzulpenak egiteko erabil daiteke.
Zerbitzua doan erabil daiteke, une bakoitzean ezarritako erabilera arduratsuaren mugen barruan.
Erregistratu gabeko erabiltzaileek, kuota mugatu batekin, funtzionalitate jakin batzuetarako sarbidea daukate. Kuota horretara iritsitakoan, zerbitzua erabiltzen jarraitzeko doako kontu bat sortu behar da.
1.2. Adimen artifiziala eta erantzunen fidagarritasuna
Latxa hizkuntza-ereduetan oinarritutako adimen artifizialeko sistema da.
Erantzunak eta itzulpenak adimen artifizialaren bidez automatikoki sortzen dira eta akatsak, informazio okerra edo eduki osatugabea izan dezakete.
Erabiltzaileak lortutako informazioa egiaztatu behar du erabaki garrantzitsuak hartu behar dituenean edo zehaztasun berezia behar denean.
Zerbitzuaren egungo bertsioak ez du zertan Interneteko sarbiderik izan, ez eta denbora errealean eguneratutako informaziorik ere; beraz, gertaera edo informazio berriak ez ditu ezagutuko.
1.3. Gutxieneko adina
Latxan kontua sortzeko eta erregistroa behar duten zerbitzuak erabiltzeko, erabiltzaileek gutxienez 14 urte izan behar dituzte.
Erabiltzaileak 18 urtetik beherakoak badira, zerbitzua beren gurasoen edo legezko tutoreen ezagutzarekin eta, legez beharrezkoa denean, baimenarekin erabili beharko dute.
14 urtetik beherakoek ez dute konturik sortu behar, ez eta zerbitzuaren bidez datu pertsonalik eman ere, beren gurasoen edo legezko tutoreen esku-hartzerik gabe.
1.4. Erregistroa eta kontua
Latxaren funtzionalitate batzuk erregistrorik gabe erabil daitezke, ezarritako mugen barruan.
Zerbitzu osora sartzeko, erabiltzaileek kontua sor dezakete.
Erabiltzaileek egiazko informazioa eman eta beren kontuen segurtasuna mantendu beharko dute. Ez dizkiete hirugarrenei beren kredentzialak eman behar, ez eta beste pertsona batzuei baimenik gabe beren kontua erabiltzen utzi ere.
Era berean, kanpoko autentifikazio-hornitzaileen bidez (hala nola Google) erregistratzeko edo saioa hasteko aukera ere badago. Kasu horietan, autentifikazioa dagokion hornitzailearen bidez egiten da, eta Latxak kontua identifikatzeko eta zerbitzua emateko informazio beharrezkoa eta baimendua baino ez du jasotzen.
1.5. Erabilera arduratsua eta abusuaren aurkako mekanismoak
Zerbitzua zentzuzko erabilera-mugei lotuta dago, erabiltzaile guztientzat eskuragarri dagoela bermatzeko eta gehiegizko erabilerak edo erabilera automatizatuak saihesteko.
Latxak erabilera anormala edo gehiegizkoa detekta dezaketen mekanismo teknikoak erabiltzen ditu, eta beharrezkoa denean aldi baterako sarbidea mugatu dezake, zerbitzuaren funtzionamendua, segurtasuna edo erabilgarritasuna babesteko.
Ez dago baimenduta zerbitzuak ezarritako kuotak, murrizketak edo segurtasun-neurriak nahita saihesten saiatzea.
Era berean, ezin izango da Latxa erabili aplikatu beharreko legeriaren aurkako jardueretarako edo hirugarrenen eskubideak urratzen dituzten jardueretarako.
1.6. Erabiltzaileek sartutako informazioa
Debekatuta dago mezuetan erabiltzaileen datu pertsonalak aipatzea. Ez dira datu pertsonalak sartu behar elkarrizketetan edo itzulpenetan.
Bereziki, ez dira sartu behar izen-abizen osoak, helbideak, telefonoak, helbide elektronikoak, identifikazio-agiriak, egiaztagiriak, informazio konfidentziala edo pertsona bat beharrezkoa ez denean identifikatzeko aukera ematen duen beste edozein datu.
Erabiltzailea da Latxan sartzen duen edukiaren erantzule, eta hura erabiltzeko beharrezkoak diren eskubideak edo baimenak izan behar ditu.
1.7. Sortutako edukia
HiTZ Zentroak ez du eskubiderik aldarrikatzen Latxak erabiltzailearentzat sortutako testuen gainean.
Erabiltzailea da sortutako erantzunen edo itzulpenen ondorengo erabileraren erantzule, eta erabilera horrek aplikatu beharreko legeria eta hirugarrenen eskubideak errespetatzen dituela egiaztatu beharko du.
2. Pribatutasuna eta datuen babesa
2.1. Arduraduna
Latxa zerbitzuari lotutako datuen tratamenduaren arduraduna honakoa da:
HiTZ Zentroa
Harremanetarako:
2.2. Tratatzen ditugun datuak
Datu-bilketa zerbitzua emateko eta mantentzeko beharrezkoa den gutxienekora mugatzen saiatzen gara.
Erabiltzaile erregistratuak
Kontu bat sortzen denean, honako hauek trata ditzakegu:
- Helbide elektronikoa
- Izena, ematen denean
- Erabiltzaileak borondatez ematen dituen beste profil-datu batzuk
- Kontua eta autentifikazioa kudeatzeko beharrezkoak diren identifikatzaile teknikoak
- Zerbitzuaren segurtasuna eta funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoa den informazioa
Latxa kontu erregistratu batekin erabiltzen denean, elkarrizketak eta itzulpenak teknikoki kontu horri lotuta gorde daitezke, historiala bezalako funtzionalitateak eskaintzeko eta aurreko elkarrizketak berreskuratzeko aukera emateko.
Kontuaren datuak eta elkarrizketen edukia dagozkien biltegiratze-egituretan mantentzen dira bereizita, eta funtzionalitate horiek emateko beharrezkoa denean bakarrik erlazionatzen dira.
Erabiltzaile ez-erregistratuak
Erabiltzaile ez-erregistratuek doako kuota mugatu baten barruan erabil ditzakete funtzionalitate jakin batzuk.
Kuota hori kudeatu ahal izateko, nabigatzaileari lotutako identifikatzaile tekniko bat erabiltzen dugu.
Haren helburua erabilera-muga kudeatzea eta zerbitzuaren abusuak saihestea da.
Identifikatzaile hori ez da publizitate-profilak sortzeko, webguneen artean jarraipena egiteko edo erabiltzailearen banakako portaera aztertzeko erabiltzen.
Zerbitzuaren erabilera anonimoari buruzko estatistikak modu agregatuan aztertzen dira, gertaera estatistikoak pertsona baten nortasunarekin edo ondoren sor daitekeen kontu batekin lotu gabe.
2.3. Tratamenduaren helburuak
Datuak honako helburu hauetarako baino ez dira erabiltzen:
Zerbitzua ematea
Erabiltzaile-kontuak kudeatzea, erabiltzailea autentifikatzea, txat eta itzultzaile zerbitzuak ematea, dagokionean historiala gordetzea eta eskatutako gainerako funtzionalitateak mantentzea.
Segurtasuna eta abusuen prebentzioa
Erabilera-kuotak aplikatzea, zerbitzua babestea, portaera abusiboak detektatzea eta haren erabilgarritasuna eta segurtasuna bermatzea.
Estatistikak
Latxaren funtzionamenduari eta erabilerari buruzko estatistika agregatuak lortzea, zerbitzuaren erabilera ezagutu eta hobetu ahal izateko.
Estatistika horiek erabiltzaileak banaka identifikatzea saihesteko diseinatuta daude.
Latxa ikertzea eta hobetzea
Erabiltzailearentzat sortutako interakzioen testu-edukia Latxa ebaluatzeko eta hobetzeko erabil daiteke.
Edukia helburu horrekin erabiltzen denean, kontuaren erregistro-datu eta identifikatzaileetatik bereizten da eta ezingo da erabiltzailea identifikatu.
Latxari buruzko komunikazioak
Kontua kudeatzeko, segurtasun-gaiei buruz informatzeko edo zerbitzuan bertan aldaketa garrantzitsuak jakinarazteko beharrezkoak diren mezuak bidali ahal izango dira, Latxa zerbitzua emateko edo mantentzeko beharrezkoak direnean.
Gainera, erabiltzaile erregistratuek noizean behin Latxarekin lotutako nobedade, funtzionalitate berri edo albiste garrantzitsuei buruzko informazioa jaso ahal izango dute.
Komunikazio horietarako harpidetza borondatezkoa da, eta edozein unetan ezeztatu daiteke, mezuetan jasotako baja-estekaren bidez edo gurekin harremanetan jarriz.
Ez dugu posta elektronikoa erabiltzen hirugarrenen publizitatea bidaltzeko, eta ez ditugu helbideak helburu komertzialetarako ematen ere.
2.4. Lege-oinarria
Kontua sortzeko eta kudeatzeko, erabiltzaileak eskatutako historiala mantentzeko eta Latxaren funtzionalitateak eskaintzeko beharrezkoa den tratamendua, eskatutako zerbitzua emateko beharrezkoa delako egiten da.
Zerbitzuaren segurtasuna babesteko, abusuak sahiesteko eta behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko neurriak zerbitzu seguru eta operatiboa mantentzeko beharrezkoa den heinean baino ez dira hartzen.
Latxaren nobedadeei buruzko borondatezko komunikazioak erabiltzailearen baimenean oinarrituta bidaliko dira, eta baimen hori edozein unetan kendu ahal izango da.
Zerbitzua ikertzeko, ebaluatzeko eta hobetzeko tratamendua aplikatu beharreko minimizazio-, bereizketa- eta mugatze-printzipioak errespetatuz egingo da.
2.5. Datuen gordeketa
Kontuaren datuak kontua aktibo dagoen bitartean edo eskatutako funtzionalitateak emateko beharrezkoak diren bitartean gordeko dira.
Erabiltzaileak bere kontua edo datuak ezabatzea eskatzen duenean, datu horiek ezabatu egingo dira edo, legez hala badagokio, blokeatu egingo dira legezko erantzukizunei erantzuteko behar den denboran.
Interakzioen testu-edukia modu anonimoan gordeko da Latxa ikertzeko, ebaluatzeko eta hobetzeko.
Segurtasunerako, abusuen prebentziorako eta kuoten kudeaketarako erabiltzen diren datu teknikoak helburu horietarako behar den denboran bakarrik gordeko dira.
Pertsona bat identifikatzea ahalbidetzen ez duten estatistika agregatuak zerbitzuaren bilakaera eta funtzionamendua aztertzeko gorde ahal izango dira.
2.6. Hartzaileak
Latxak ez ditu datu pertsonalak saltzen, ez eta helburu publizitario edo komertzialetarako hirugarrenekin partekatzen ere.
Datuak azpiegituretarako, ostatutzerako, autentifikaziorako, posta elektronikorako edo zerbitzua emateko beharrezkoak diren bestelako osagaietarako behar diren hornitzaile teknikoek tratatu ahal izango dituzte, betiere zerbitzu horiek eskaintzeko beharrezkoak diren eginkizunen barruan soilik arituz.
Datuak legezko betebehar bat dagoenean edo agintaritza eskudun batek legez eskatzen dituenean jakinarazi ahal izango dira.
2.7. Google bidez saioa hastea
Erabiltzaileak Google bidez saioa hastea aukeratzen duenean, autentifikazioa Googleren sistemetan egiten da.
Latxak Googletik jasotzen ditu soilik baimendu diren eta kontua sortzeko edo identifikatzeko beharrezkoak diren datuak.
Googlek bere zerbitzuen barruan datuei ematen dien erabilera bere baldintzen eta pribatutasun-politiken menpe dago.
2.8. Eskubideak
Hala dagokionean, eskubide hauek eska ditzakezu:
- Zure datu pertsonaletarako sarbidea
- Datu okerrak zuzentzea
- Zure datuak ezabatzea
- Tratamendua mugatzea
- Tratamendu jakin batzuen aurka egitea
- Zure datuen eramangarritasuna, aplikagarria denean
- Aldez aurretik emandako baimena kentzea
Eskubide horiek helbide honetara idatziz erabili ahal izango dituzu:
Era berean, erreklamazio bat aurkez dezakezu datuen babeserako agintaritza eskudunaren aurrean, zure datuen tratamendua aplikatu beharreko araudiarekin bat ez datorrela uste baduzu.
3. Cookieak eta tokiko biltegiratzea
Latxak bere funtzionalitateak eskaintzeko eta erabiltzailearen lehentasun batzuk gogoratzeko beharrezkoak diren cookieak eta biltegiratze-mekanismoak baino ez ditu erabiltzen.
Ez dugu publizitate-cookierik edo erabiltzailea webguneen artean jarraitzeko cookierik erabiltzen.
3.1. Erabiltzaile anonimoen kuota
Erabiltzaile bat saioa hasi gabe txata edo itzultzailea erabiltzen hasten denean, Latxak cookie tekniko bat sor dezake nabigatzaile hori aldi baterako identifikatzeko.
Cookie hori honetarako baino ez da erabiltzen:
- Erregistratu gabeko erabiltzaileen doako kuota kudeatzeko
- Mugak erraz ekiditea eragozteko
- Zerbitzuaren erabilera desegokiak sahiesteko
Ez da publizitaterako, profilak sortzeko edo erabiltzailearen portaera jarraitzeko erabiltzen.
3.2. Autentifikazio- eta saio-cookieak
Erabiltzaileak saioa hasten duenean cookie teknikoak erabiltzen dira saioari eusteko, erabiltzailea autentifikatzeko eta bere kontua babesteko.
Cookie horiek beharrezkoak dira zerbitzuak funtziona dezan eta ez dira publizitate-helburuetarako erabiltzen.
3.3. Lehentasunak
Latxak nabigatzailearen tokiko biltegiratzea erabil dezake erabiltzaileak hautatutako lehentasunak gogoratzeko, hala nola hizkuntza edo gai bisuala.
Lehentasun horiek interfazea erabiltzailearen aukeren arabera konfiguratzeko baino ez dira erabiltzen.
3.4. Estatistikak
Latxaren erabilera-estatistikak modu agregatuan sortzen dira eta ez dituzte aurreko cookie teknikoak erabiltzen erabiltzaileak banaka jarraitzeko.
4. Aldaketak baldintza hauetan
Latxa eboluzioan ari den proiektua da, eta, beraz, baldintza hauek eguneratu egin daitezke zerbitzuan, bere funtzionalitateetan edo aplikatu beharreko araudian izandako aldaketak islatzeko.
Aldaketak garrantzitsuak direnean erabiltzaileei behar bezala jakinaraziko zaizkie.
Orri honetan argitaratutako bertsioa izango da une bakoitzean indarrean dagoen bertsioa.
5. Kontaktua
Baldintza hauei, pribatutasunari, cookien erabilerari edo Latxaren funtzionamenduari buruzko edozein zalantza izanez gero, erabiltzaileak harremanetan jar daitezke hurrengo helbidean:
HiTZ Zentroa latxa.hitz@ehu.eus
